Euskal literaturan, inguruko beste literatura askotan bezala, hizkuntza beraren kontzientziak eta ahozko tradizioaren ekarpenak garrantzi handia izan dute.
Oihenartek berak, esate batera, oso poeta kultua izanagatik, “Andre-Emili” balada jaso zuen 1665ean. Oihenartek berak argitara zituen bere poesiekin atsotitzak. Hark bezala, geroago –historiagile, antropologo eta literatur kritikoez gain–, Peñaflorida, Iztueta, Azkue edo Peillen, ahozko tradizioa bildu duten idazle andanaren segidako kate-begi batzuk besterik ez dira.
Euskal literaturan ere esan daiteke, bada, idatzizko literaturak ez dituela erabat alboratu ahozkoak sortutako bideak, ez bere hasmentetan (Etxepareren kasuan), ez eta egungo literaturan ere (Gabriel Aresti, Bitoriano Gandiaga…).
Historia txiki honetan, hala ere, euskal liburugintzaren historia hartuko dugu euskal literaturaren historiaren ardatz. Jakin arren, ahozkoa –dela bertsolaritza, kantagintza, zein antzerkia– idatzizko literatura hobeto ulertzeko ezinbesteko giltza dela askotan. Jakin arren, bertsolaritzak, kantagintzak, antzerkiak zein beste ahozko literatur generok badutela historia bana eskaintzeko adinako garrantzia. Eta jakin arren, aipatu gabe utziko ditugula idatzizko literaturan eragin handia sortu duten hainbat egile -Iruriko Etxahun eta J. Casenave esate batera.
Euskal literaturaren historia egiterakoan, ezin dira albora utzi hizkuntzaren egoera sozio-linguistiko eta sozio-politikoak eragindako arrastoak, euskal literatura, hein batean, egoera horren lekuko bilakatu baita
Euskal literaturaren historia egiterakoan, ezin dugu ahaztu literaturaren kontzeptua bera ere oso aldakorra izan dela historian zehar, eta gaur egun “literatura” edo “artea” deitzen denaren kontzeptu autonomoa XIX. mende amaieran kokatu zela.
Euskal literaturaren historia, zentzu zabalean hartuta, dibulgazio eta erabilkortasunarekin lotua egon da orokorrean. Hori dela eta, lan gehienak erlijiosoak izan dira, jendeari erlijio irakatsiak emateko idatzitakoak.
Finean, egoera sozio-ekonomiko eta literatur ezaugarri hauetaz gain, euskal literaturaren garapenak ez du izan garapen jarrai eta koherenterik. Euskal Herriaren banaketa politikoak, dialektoen bereizketak, euskal eskolen faltak, gora-behera sozio-politiko eta erlijiosoek literaturaren garapen zatikatua eragin dute.