Donostia, 1957.
Zuzenbidean eta Filosofian lizentziatua, eta Filosofian doktore Sabino Aranari buruzko tesi batekin. Hainbat urtez institutuko irakasle jardun eta gero, azken urteotan Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofia Politikoko irakasle titularra da Donostiako Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean.
Euskal Herriko Unibertsitateko Limes bildumaren zuzendaria da. Bilduma horretako lehenengo liburua, Ernest Renanen Zer da nazioa?, berak itzuli eta liburuaren sarrera ere idatzi zuen.
Filosofia Moral eta Politikoaren inguruko hainbat liburu idatzi ditu euskaraz zein gaztelaniaz, eta alor horretan lan asko eta asko argitaratu ditu.
Zenbait egunkari eta aldizkaritan (El País, Berria, Pergola, Landazuri, Uztaro, Tantak, Talaia, Gogoa... ) irakur daitezke aldiro-aldiro idazten dituen artikulu eta kolaborazio ugariak.
Euskaraz argitaratu dituen lanen artean aipatzekoak dira, besteak beste: Abertzaletasunaren auzia: independentzia ala autonomia (1997), Demokraziaren historia (1998) eta Filosofia Politikorako irakurketak I (1998), II (1999) eta III (2005).